#GaiNagusiak

Felix Goñi, lipidoen arloko Europako ikerketa onenaren Avanti saria

Noiz argitaratua: 13/03/05 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Biziaren zientziak
 Felix Goñi, lipidoen arloko Europako ikerketa onenaren Avanti saria

Félix Goñi irakasleak, Euskal Herriko Unibertsitateko Biokimika eta Biologia Molekularreko katedradunak eta Biofisika Unitateko zuzendariak (CSICen eta UPV/EHUren zentro mistoa), Europako Avanti saria jaso du. Avanti saria lipidoen arloko ikerketarako munduko garrantzitsuena da. Orain arte Amerikako Biofisika Elkarteak (Biophysical Society) ematen zuen, baina aurten, lehenengo aldiz, Biofisika Sozietateen Europako Elkarteak (EBSA) ere emango du. Saria emateko ekitaldia uztailaren 13tik 17ra bitartean Lisboan egingo den Biofisikako Europako IX. Biltzarrean egingo da. Hain zuzen ere, saria emateko ekitaldian, Goñi irakasleak hitzaldia egingo du, eta egin berri dituen ikerketak aipatuko ditu.

Sari berri honen helburua da lipidoen biofisika ulertzeko Europako ekarpen zientifiko garrantzitsuenak ezagutzea, metabolismoa, entzimologia, egitura eta mintzak barne. Lipidoek askotariko materiak biltzen dituzte; gorputzeko gantzak, oliba olioa edo zelula biziak estaltzen dituzten mintz delikatuak. Goñi irakaslearen kasuan, sari honekin "heriotza zelular programatua" eragiten duten mintz zelularren zenbait lipidori buruzko bere lana aintzatesten da batez ere; funtsezko prozesu bat baita enbrioi garapenean eta minbiziaren aurkako defentsa naturaletan.

Félix Goñi (Donostia, 1951) katedradunak Universidad de Navarran egin zituen doktorego ikasketak, eta Medikuntza eta Kirurgian doktorea da 1975az geroztik. Londresko Unibertsitatean (Royal Free Hospital) egin zituen doktorego ondoko ikasketak. 1978an sartu zen UPV/EHUn, eta bertako Zientzia eta Teknologia Fakultatean gerora Biomintzen Taldea izango zena hasi zen garatzen eta, 1999tik aurrera, Biofisika Unitatea. Bere taldea Eusko Jaurlaritzako eta UPV/EHUko errendimendu handiko taldeetako bat da. Bere ikerketa lanaren oinarria zelula-mintzetako interakzio molekularrak dira.

Euskadi Ikerketa Saria da (2002), Euskal Herriko Adiskideen Elkarteko kidea (2003), Universidad Nacional de Córdobako (Argentina) ohorezko irakaslea (2005), baita Bizkaitar Argia ere (2012).

 

Informazio osagarria

  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gazteleraz, UPV/EHU
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, euskeraz, UPV/EHU
  • Felix Goñi, lipidoen arloko Europako ikerketa onenaren Avanti saria, UPV/EHU
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: