#GaiNagusiak

Eguzki-zelula fotovoltaikoen errendimendua hobetuko duten materialak ikertzen ari da Tecnalia

Noiz argitaratua: 13/03/05 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Ingurumena #Teknologia
 NanoPhoSolar

NanoPhoSolarren helburuetako bat da maiztasun txikiagoetara bihurtzeko tamaina nanometrikoko material lumineszenteak aurkitzea. Material horiek estaldura eta film polimerikoetan txertatuko dira, estaldura horiek, gero, modulu fotovoltaiko berrietan nahiz lehendik jarrita daudenetan jartzeko.

Material lumineszenteokin, nabarmen handituko da modulu fotovoltaikoen errendimendua eta iraupena, bai ohiko teknologietan oinarrituta daudenen kasuan —silizio kristalinoa eta geruza mehea (CIGS, CdTe)—, bai teknologia berriagoetan oinarrituta daudenen kasuan —esaterako, koloratzailearekin edo DSCekin sentikortutako zelulak—.

NanoPhoSolarrek eguzki-zelulen errendimendu-mugak gainditu nahi ditu material lumineszente berriak sartuz, tarte ultramorean xurgatzen eta tarte ikusgaiarena baino uhin-luzera handiagoetan berrigortzen dutenak, zeinetan zelulen erantzun espektrala handiagoa baita. Era berean, moduluari gutxiago eragingo dio erradiazio ultramoreak, eta haren bizitza luzatu egingo du. Horrek onura ekonomiko eta sozialak ekarriko dizkie fabrikatzaile nahiz kontsumitzaileei.

Teknologiaren beharra

Interes handikoa denez ingurumena kontuan hartuko duen eta horniduraren segurtasuna handituko duen energia-iturri bat izatea, gero eta handiagoa da energia berriztagarri garbiak garatzeko ahalegina. Eguzki-energia fotovoltaikoak baditu ezaugarri horiek. Baina, modulu fotovoltaikoen prezioak jaitsi direnez, fabrikatzaileek galera ekonomiko handiak izan dituzte, eta zenbait porrot izan dira sektorean. Gainera, teknologia osoaren eta hura merkaturatzearen kostua handia da, eta finantzatzeko aukerak gero eta txikiagoak. Horiek horrela, sektore fotovoltaikoko enpresa txiki eta ertainak (ETE) larri mehatxatuta daude.
NanoPhoSolarrek laguntza emango du behar horiei aurre egiteko, fabrikatzaileei errendimendu handiagoko eguzki-moduluak eskainiz eta instalatzaileei, berriz, lehendik instalatutako moduluen errendimendua handitzeko konponbideak eskainiz.

FP7-SME-2012-315677-NanoPhoSolar

Erresuma Batuko Paint Research Association (PRA) zentro teknologikoa ari da koordinatzen partzuergoa, zeinean biltzen baitira zenbait ETE-elkarte (Bulgarian Photovoltaic Association, Femete eta Renewable Energy Association), ETE batzuk ((Hanita Coatings, 3G Solar, Eurofilms, Managess eta Quality Additives) eta europar ikerketa-zentro batzuk (Tecnalia, AIDO eta Intrinsiq Materials). Europako Batzordeak 1,9 milioi eurorekin finantzatu du proiektua Zazpigarren Esparru Programan (REA).

Proiektua 2013ko urtarrilaren 1ean hasi zen, eta hiru urte iraungo du, 2015eko abenduan bukatzeko.

Informazio osagarria

  • NanoPhoSolar, Tecnalia
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelania, Tecnalia
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, ingelesez, Tecnalia
Leire Agüero Suárez

Egilea: Leire Agüero Suárez (Tecnalia Research & Innovation)

Laguntzailea: