#GaiNagusiak

Neiker-Tecnalia probatzen ari da biomasa-errautsak egokiak diren Pinus radiatarentzako ongarri gisa

Noiz argitaratua: 13/02/28 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Biziaren zientziak #Lurraren zientziak
 Errautsa

Zuhaitz-biomasa erretze ondorengo errautsak ongarri egokia izan litezke radiata pinuaren landaketetarako, Neiker-Tecnalia Nekazaritzako Ikerketa eta Garapenerako Euskal Institutuak egindako ikerketa baten arabera. Lan horretan, agerian geratu da errautsen ezaugarrien hetereogeneotasuna. Azterketa honetan erabili zen errautsak, egindako biosaiakuntzetan ikusi zenez, ez zuen toxikotasunik. Ezaugarri kimiko hauek zituen: pH altua baina ez korrosiboa, magnesio-eduki egokia ongarri gisa, eta metal astunak naturan agertzen diren kontzentrazioen azpitik.

Biomasa errez energia ekoiztea energia lortzeko modu garbitzat jotzen da, neutroa delako karbonoari dagokionez. Hala ere, errauts asko sortzen du, eta errauts hori egoki kudeatu beharra dago. Horregatik da interesgarria produktu horri probetxua bilatzea eta hartara haren ekoizpen-zikloa ixtea.

Neiker-Tecnaliak egindako saiakuntzek agerian uzten dute biomasa erretzean lorturiko errautsa produktu hetereogeneoa dela eta haren osaeran zerikusia duela, lehengaiak berak ez ezik, errekuntza-prozesuak ere. Saiakuntza biologikoetan lorturiko errautsa ez zen toxikoa, hondakin toxiko eta arriskutsuen legeriak definitutako mailen arabera, baina toxikotasun apur bat erakutsi zuen Microbacterium eta Citrobacter bakterioei dagokienez. Haren pHa basikoa eta ez korrosiboa denez, metal astunen kontzentrazio baxua duenez, eta laboratorioko zutabe-saiakuntzetan lixibiatze apala erakutsi duenez, horrekin bermatzen da ez duela arriskurik landan aplikatzeko, non P eta Mg-rako ongarri izateko ahalmena erakutsi baitzuen.

Interesgarria da, halaber, ohartaraztea analizatutako metal astun ez-esentzialetan (kadmioa eta beruna) bizidunak egoki garatzeko aukera ematen duten neurri normalen barruan dagoela. Saiakuntzako errautsaren beste ezaugarri bat da 2 mm-tik 250 mikrometrora bitarteko tamainako partikulak dituela. Hauts-frakzioa (<250 mikrometro) oso txikia da, eta horrek erraztu egiten du landan aplikatu behar dutenen lana.

Nutrienteen maila gora

Kudeaketa intentsiboko baso-masetako zuhaitzen uzta, bakantze, bakanketa eta kimatzeetan, sistemaren nutrienteen parte handi bat ateratzen da. Beraz, zuhaitz-biomasaren errautsak aplikatzea aukera gisa ageri da nutriente horiek berrartzeko, lurzoruetako nutrienteen mailak zuzenduz.

Beste onura potentzial bat, orain Neiker Tecnalian aztertzen ari dena, lurraren propietate fisikoak hobetzea izan daiteke. Errautsak lurra porotsuago egin dezake, eta horrekin aukera eman lurra hobeki aireztatzeko eta, beraz, urarentzat iragazkorrago izateko. Horrez gain, lurrak urari eusteko ahalmen handiagoa izan dezake, eta horrela gutxitu egingo litzateke lurrazaleko jariatze-uren arriskua.

Funtsezkoa da saiakuntza honetako azterketak jarraitzea, baso-sistemek inertzia handia baitute. Era berean, garrantzitsua da beste saiakuntza batzuetan landa-sistema desberdinetan errauts desberdinak probatzea, jakiteko zer gaitasun izan dezaketen eskala handiagoko ongarritzat erabilgarri izateko.

Informazio osagarria

  • Errautsa, Neiker-Tecnalia
  • Entsegua, Neiker-Tecnalia
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelania, Neiker-Tecnalia
Iranzu Telletxea

Egilea: Iranzu Telletxea (NEIKER-Tecnalia)

Laguntzailea: