#GaiNagusiak

Frogatu dute nanopartikula lipidikoak egokiak direla geneak eta botikak bideratzeko

Noiz argitaratua: 13/02/28 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Osasuna #Teknologia
 Erretinoskisina proteinaren adierazpena (berdez), erretinaren epitelio pigmentudunaren lerro zelular batean (ARPE-19) RS1 genea sartu ondoren. Urdinez, zelulen nukleoak.

Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Farmazia Fakultatean, Farmakozinetika, Nanoteknologia eta Terapia genikoko ikerketa-taldea nanoteknologia erabiltzen ari da terapia genikoan eta farmakologian aplika daitezkeen formulazio berriak garatzeko. Hain zuzen, nanopartikulak diseinatzen dituzte, geneak eta botikak beren ekintza-lekura iritsi eta eragina izan dezaten.

Ikertzaile-taldeak urteak daramatza nanopartikula lipidikoekin lanean, eta terapia genikoan bektore gisa jokatzeko egokiak direla frogatu du. Terapia genikoa etorkizun handiko aukera da orain arte tratamendu eraginkorrik ez zuten gaixotasunen kasurako. Terapia horretan, azido nukleiko bat ematen da —adibidez, gene terapeutiko bat— gaixotasun jakin batean aldatuta dagoen proteina baten adierazpena modulatzeko. Hala, leheneratu egiten da asaldura biologikoa.

Oztopo nagusia da material genetikoa ezin dela formulatu ohiko farmazia-formetan, degradatu egiten baita organismoan eta ezin baitu bere eginkizuna bete. Oztopo hori gainditzeko, bektore biralak erabiltzen dira normalean, eta, haiei esker, gene terapeutikoa iristen da jomuga diren zeluletara. Hala ere, Alicia Rodríguez doktoreak azaldu duenez, “bektore birikoek desabantaila handi bat dute, tumoreak garatzeko ahalmen handia baitute. Hori dela eta, interes handia dago biralak ez diren bektoreak garatzeko, hala nola nanopartikula lipidikoetan oinarritutako bektoreak”.

“Horren harira —jarraitu du doktoreak—, urteak daramatzagu erretinako endekapenezko gaixotasunak tratatzeko formulazioak garatzen, gaur egun ez baitago tratamendu eraginkorrik, sendatzailerik edo aringarririk gaixotasun horientzat. Ondorioz, pazientea itsu uzten dute, kasu askotan oso pertsona gazteak izanik”. Egin dituzten ikerketak jada hasiak dira fruituak ematen; izan ere, dagoeneko lortu dute, arratoien begietan botika bat emanez, begian proteina bat agerrarazteko gai den bektore bat garatzea. Lan horretatik bi patente sortu dira, eta zenbait artikulu argitaratu dituzte ospe handiko aldizkari zientifikoetan; besteak beste, Human Gene Therapy aldizkarian.

Helburua: botikak hobeto xurgatzea

Disolbatzen edo xurgatzen zailak diren botikak emateko formulazio berriak garatzeko ere balio dute nanopartikula lipidikoek. Rodríguez doktoreak honela azaldu du zein den botika horien arazoa: “Kalkulatzen da farmakologikoki aktiboak diren molekula berrien % 40 disolbaezina dela edo zaila dela uretan disolbatzen; ondorioz, aktiboak izan daitezkeen molekula horietako asko ez dira inoiz klinikara iristen, formulazio seguru eta eraginkorra garatzeak dakartzan arazoak direla eta”.

Farmazia Fakultateko ikertzaile-taldeak frogatu du eraginkorra dela botika-mota horiek nanopartikula lipidikoetan sartzean datzan estrategia: “Lipidoekin osatutako esferak dira, oso partikula-tamaina txikikoak, botika biltzen dutenak. Hala, ahotik hartutako botika hobeto xurgatzen da”, azpimarratu du Rodríguez doktoreak.

Ikerketa horren zati bat Lovainako Unibertsitate Katolikoko (Belgika) Véronique Préat doktorearen ikerketa-taldearekin lankidetzan egin da. Han, nanopartikulek hesteen mintza zeharkatzeko eta, ondorioz, botikaren iragazkortasuna handitzeko duten gaitasuna ikertu dute. Lan horren emaitzak Journal of Controlled Release aldizkarian argitaratu dira (espezialitate horretan ospe handia duen aldizkaria da).

Horrez gain, bi arloetan (terapia genetikorako bektoreak, eta botika disolbaezinak hobeto xurgatzea) aurrerapen garrantzitsuak lortzeari utzi gabe, Farmakozinetika, Nanoteknologia eta Terapia genikoko taldeko ikertzaileak C hepatitisari lotutako arlo bat ari dira lantzen, eta hor ere emaitza positiboak lortzeko itxaropena dute.

 

Informazio osagarria

  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gazteleraz, UPV/EHU
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, euskeraz, UPV/EHU
  • Erretinoskisina proteinaren adierazpena (berdez), erretinaren epitelio pigmentudunaren lerro zelular batean (ARPE-19) RS1 genea sartu ondoren. Urdinez, zelulen nukleoak.
  • Alicia Rodríguez Gascón (eskuinetik, lehena) eta UPV/EHUko Farmazia Fakultateko Farmakozinetika, Nanoteknologia eta Terapia genikoko ikerketa-taldea., UPV/EHU
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: