#GaiNagusiak

Iberiar penintsulako bi perretxiko-espezie berri deskribatu dituzte

Noiz argitaratua: 13/02/26 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Biziaren zientziak
 <i>Hydnum vesterholtii</i>

Euskal ikertzaile batzuek, Espainiako Erret Lorategi Botanikoarekin eta Esloveniako Baso Institutuarekin batera, bi Hydnum espezie berri deskribatu dituzte —tripaki esan ohi zaienetatik— Mycologia aldizkariak argitaratu duen azterketa batean. Genero hori ezaguna da, hartako perretxiko asko jateko onak direlako.

Espainiar ikertzaileak izan dira buru Hydnum generoko bi espezie berriren aurkikuntzan. Sukaldaritzan asko erabiltzen diren perretxikoak dira Hydnum generokoak.

“Gure lanean, bi espezie berri deskribatu ditugu: Hydnum ovoideisporum eta Hydnum vesterholtii, hizkera arruntean tripaki esaten zaien genero batekoak. Genero horretako perretxikoetako asko jaten dira munduan, toki batean baino gehiagotan, baina, bitxia bada ere, lan serio eta berri gutxik azaltzen dute zenbat espezie dauden eta nola bereizten diren”, dio SINCri Ibai Olariaga Ibargurenek, Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) ikerketa gidatu duen ikertzaileak.

Adituek diotenez, genero horretan bereizkuntzak egitea oso zaila da, espezieak oso antzekoak baitira itxuraz eta ezaugarri mikroskopikoak ere antzekoak baitituzte. “Besteak beste, horregatik uste izan dute autore askok aldaera diferente gutxi zirela Hydnum espezieetan”, dio zientzialariak.

Hala ere, perretxiko horiei buruz egin diren azterketa molekular apurrek pentsarazten dute dibertsitate genetikoa handia dela. Olariagak berak urteak daramatza genero horren berrikuspen bat egiten Iberiar penintsulan, eta aurkitu du badirela bi espezie besteetatik bereiz daitezkeenak espora arrauzkarak dituztelako —espezien gehienetan esferikoak izaten dira— eta ekologia berezia dutelako.

“Lanean egin genuen azterketa molekularrak baieztatu zuen genetikoki markatutako bi leinutakoak direla une horretan morfologian oinarritutako taxonomia klasikoaren bitartez detektatu nituen espezieak”, azpimarratu du.

Biltzen diren espezieak ezagutu

Hydnum generoko espezieak erruz biltzen dira ekosistema naturaletatik —ezin dira kultibatu—, eta espezie bat bera ere ez da pozoitsua; horregatik ez da ahalegin handirik egin orain arte haiek bereizten.

Baina gauza gutxi dakigu haien banaketaz eta ekologiaz, eta ez dakigu, orobat, biltzen diren espezieak espezie mehatxatuak edo desagertzeko arriskuan daudenak diren, edo, aldiz, espezie oso arruntak.

“Honelako azterketen bidez, sakondu daiteke alderdi horietan eta, gainera, zenbait datu zehatz jaso, ikuspegi aplikatutik interesgarri izan daitezkeenak, jakin beharrekoa baita, adibidez, ea espezie batek edo gutxi batzuek metabolito sekundario batzuk edo interes industriala duten molekulak eragiten dituzten”, argudiatzen du Olariagak.

Seguruenik, perretxiko-biltzaileek jango zuten espezie aurkitu berri hauetatik, hydnumak filogenetikoki senidetuak baitaude Cantharellus (ziza horia) eta Clavulina generoekin, eta biek ala biek baitituzte espezie jangarriak. “Nekez pentsa liteke deskribatutako bi espezie hauek ez direla jangarriak”, dio adituak.

Iturria: SINC

Erreferentzia bibliografikoa:

Ibai Olariaga, Tine Grebenc, Isabel Salcedo, María P. Martín. “Two new species of Hydnum with ovoid basidiospores: H. ovoideisporum and H. Vesterholtii” Mycologia, 104(6):1443-55, diciembre de 2012. doi:10.3852/11-378.

Informazio osagarria

  • Hydnum vesterholtii, UPV/EHU
  • Hydnum ovoideisporum, UPV/EHU
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: