#GaiNagusiak

Azti-Tecnaliak pentsutarako irin bihurtzen ditu zabortegirako ziren azpiproduktu begetalak

Noiz argitaratua: 13/02/22 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Ingurumena #Osasuna
 Clean Feed

Gaur egun hondakin gisara kudeatzen diren hainbat azpiproduktu begetal animaliak elikatzeko erabilgarri direla (osasunaren eta nutrizioaren aldetik) frogatu du Azti-Tecnaliak. Fruta-, barazki-, patata-, kafe- eta ogi-hondakinak pentsutarako irin bihur daitezke, zirkuitu komertzialetik kanpora daudelarik, gure zentro teknologikoko ikertzaileek frogatu dutenez.

Europar Batasuneko Life+ programak finantzatzen eta Eusko Jaurlaritzak diruz laguntzen duen Clean Feed proiektuak sustatu du ikerketa, eta hau du helburu: aprobetxatzea arrazoi komertzialengatik giza kontsumorako erabiltzen ez diren produktu begetalak (banaketa-sektorekoak eta nekazaritzako elikagaien industriako ekoizpen- eta eraldatze-prozesuetakoak). Itsasoaren eta elikagaien ikerketan espezializatutako zentro honetaz gain, beste erakunde hauek ere hartzen dute parte proiektuan: Eusko Jaurlaritzako Berrikuntza eta Elikagaien Industriako Zuzendaritzak, Tecnalia Research and Innovationeko Sistema Industrialen Unitateak eta Nekazaritzako Elikagaien Segurtasunerako Euskal Fundazioak (Elika).

Euskadin sortzen diren 25.000 tona azpiproduktu begetaletatik asko zabortegietara botatzen dira, eta hondakin gisara kudeatzen. Egoera hori aldarazi eta azpiproduktu horiek aprobetxamenduren bat ematearren gidatzen du AZTI-Tecnaliak Clean Feed proiektua, zeinak bigarren fasea amaitu berria duen. Lehenbiziko fasean, zer eraldatu daitezkeen zehaztu zen; ondoren, azpiproduktu begetalak lehortu eta irin bihurtzeko zenbait teknologia probatu zituzten teknikariek. Haien kalkuluen arabera, egun EAEn hondakin gisara tratatzen diren 25.000 tona horien % 70 aprobetxagarria litzateke.

Ingurumenerako ez ezik, animalientzako elikagaiak ekoizten dituen sektorea sustatzeko ere onuragarria izango da Clean Feed proiektua, kalitateko pentsu berriak egingo baitira. Halaber, pentsu-ekoizleen sektoreak zenbait zerealekiko (soja, garia...) duten mendekotasun izugarria murriztea ere helburu du ekimenak. Izan ere, prezio-merkatu oso aldakorreko lehengaiak dira horiek, eta ez dira hemen ekoizten (gehienbat Hego Amerikatik ekartzen dira).

Hona hemen proiektu honetarako AZTI-Tecnaliak hautatu dituen azpiproduktu begetalak: banaketa-sektoreak eta begetalak eraldatzekoak sortzen dituzten barazki- eta fruta-hondakinak; patata-hondakinak; txigortegietako kafe-azala; okintzak sortzen dituen ogi-hondarrak; sagardogintzako sagar-patsa, eta ardogintzako azal eta txortenak.

Hiru teknologia irinak egiteko

AZTI-Tecnaliako teknikariek hiru teknologia probatu dituzte aipatutako azpiproduktuak lehortu, irin bihurtu eta animalientzako janaritarako lehengai bihurtzeko, eta emaitza onak izan dituzte. teknika hauek erabili dituzte horretarako: ihinztadura bidezko lehortzea, errekuntza-pultsuen, aire behartuaren (modalitate estatikoa eta birakaria) eta mikrouhinen bidez, bakarrik edo aire behartuarekin konbinatuta.

Teknologia horiekin guztiekin ekoitzitako irinei egindako osasun- eta nutrizio-azterketek diotenez, lehengai egokia dira pentsutarako. EAEko Pentsu Konposatuen Fabrikatzaileen Elkartearekin (EPEA) batera aztertu da irinen nutrizio-bideragarritasuna; osasun-bideragarritasuna, berriz, Elika Fundazioarekin (elikagaien segurtasunean aditua den erakundea) zuzeneko lankidetzan jardunda.

Informazio osagarria

  • Clean Feed, Azti-Tecnalia
  • Clean Feed, Azti-Tecnalia
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelania, Azti-Tecnalia
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, euskaraz, Azti-Tecnalia
Irantzu Zubiaur

Egilea: Irantzu Zubiaur (AZTI-Tecnalia )

Laguntzailea: