#GaiNagusiak

Hiru pertsona argaletik bat obesoa da

Noiz argitaratua: 13/02/19 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Osasuna
 Íkerketa-taldea

Gorputz-masaren indizearen (GMI) arabera argalak diren hiru pertsonatik bat obesoa da, Nafarroako Unibertsitate Klinikako Endokrinologia eta Nutrizio Saileko eta Ikerketa Metabolikoko Laborategiko espezialistek 6.000 gizabanakorekin baino gehiagorekin egin duten ikerketa baten ondorioek erakusten dutenez. Azterketa zabal horren alderdiak Obesity, International Journal of Obesity eta Diabetes Care zientzia-aldizkarietan argitaratu dira.

Lanak ebaluatu du zenbateko errore-maila duen obestitatea diagnostikatzean hain zuzen horretarako erabiltzen den prozedurarik ohikoenak, gorputz-masaren indizeak, zeinaren formula baita pisua (kilogramotan) zati altueraren karratua (metrotan). Emaitza nagusi gisa, lanak ondorioztatu du GMIaren arabera maila normalean dauden pertsonen % 29k obesoen mailako gorputz-gantzaren ehunekoa duela, eta indize beraren arabera gehiegizko pisua dutenen % 80 obesoa dela benetan.

Azterketaren abiapuntua izan da GMIa dela norbaitek gehiegizko pisua edo obesitatea duen jakiteko gehien erabiltzen den sistema. Gainera, espezialistek oinarritzat hartu dute prozedura horrek gutxietsi egiten duela gehiegizko pisuaren nahiz obesitatearen prebalentzia; izan ere, gehiegizko gorputz-gantz gisa definitzen dira, eta ez gehiegizko pisu gisa.

“Egiaztatu dugu GMIak errore-tasa handia duela pertsona obesoen diagnostikoan”, ohartarazi du artikuluaren lehen sinatzaileak, Javier Gómez Ambrosi doktoreak (Klinikako Ikerketa Metabolikoko Laborategiko ikertzailea). Gema Frühbeck doktorea da lantaldearen burua, Laborategiko zuzendaria eta Obesitatea Aztertzeko Europako Elkartearen (EASO) presidentea.

Hipotesi hori abiapuntutzat hartuta, Klinikako lantaldeak 6.123 pertsonako lagin batekin diseinatu zuen azterketa. Haietatik 900 bat argalak ziren beren GMIaren arabera; 1.600ek gehiegizko pisua zuten; eta 3.500 obesoak ziren. Arraza kaukasiarrekoak (zuriak) ziren denak, 18 eta 80 urte bitartekoak, eta % 69 emakumezkoak ziren.

Arrisku kardiometabolikoen faktore areagotuak

GMIaren sistemak gorputzeko gantzaren ehunekoa kalkulatzean duen errore-marjina ikusteko, aire-desplazamendu bidezko pletismografia erabili da metodo gisa. Balorazio horretarako, BOP-POD izeneko ekipo bat erabiltzen da, zeinak gorputzaren bolumena neurtzen baitu gorputz batek ganbera berezi batean (presioa, tenperatura eta hezetasuna konstanteak dira han) eragiten duen aire-desplazamenduaren bidez. Azken batean, gorputzaren konposizioa neurtzeko metodo espezifiko bat da.

Gainera, espezialistek hainbat odol-adierazle jarri dituzte aztertutako gizabanakoetan: intsulinarekiko sentikortasuna, profil lipidikoa (arrisku koronarioarena) eta arrisku kardiometabolikoaren beste zenbait faktore. Bioadierazle horien arabera, ikertzaileek ikusi dute arrisku kardiometabolikoaren faktoreak altu dauzkatela GMIaren arabera argalak edo gehiegizko pisudunak izan eta gorputzeko gantzaren ehunekoa aintzat hartuta obeso gisa sailkatutakoek, gorputzeko gantzaren indizea normala dutenen aldean.

“Frogatu dugu —adierazi du ikertzaileak— argalak edo gehiegizko pisudunak diren eta gantz-ehuneko altua duten pertsona horiek altu dituztela arteria-presioa, glukosa eta intsulina; baita kolesterola, triglizeridoak eta hantura-adierazleak ere”. Hala, espezialistak nabarmendu duenez, “bioadierazle horiek guztiek ondorio negatiboak dituzte pertsonen osasunerako, kontuan hartuta arrisku-faktore horiek ez direla aintzakotzat hartzen pertsona horien kasuan, GMIaren arabera argaltzat hartzen direlako, edo, asko jota, gehiegizko pisuduntzat, eta ez direlako baloratzen edo neurtzen arrisku-adierazle horiek”.

Ikertzaileentzat, azterketaren ondorio nagusia da eguneroko jarduera klinikoan gorputz-masaren indizea neurtzean gorputzaren gantz-konposizioaren eta arrisku kardiometabolikoaren beste faktore batzuen kalkulua aintzat hartzean lortuko litzatekeen onura, “bai diagnostikorako onura, bai obesitate horri aurre egiteko behar den tratamendua ezartzeko onura”, azaldu du Gómez Ambrosi doktoreak.

Obesitate biszerala, arriskutsuena

Ikertzaile-talde berak egindako beste lan batean, gorputzeko gantzaren ehunekoaren eta diabetesaren arteko erlazioa balioztatu da. Obesity aldizkarian argitaratu zen ikerketa horrek “erakutsi zuen, GMIaren arabera argalak ziren eta gerri-perimetro normala zuten 40 urtetik gorako gizonetan, gorputzeko gantzaren ehuneko handiagoa izateak lotura zuela diabetesa izateko arrisku handiagoarekin”.

Ondorio horiek ikusita, ikertzaile-taldeak beste azterketa bat egin zuen, eta azterketa haren ondorioak oraintsu argitaratu ditu Diabetes Care aldizkariak. Kasu horretan, GMIak obesitatearen diagnostikoan dituen erroreak konpentsatzeko tresna bat egin zuten espezialistek. Neurketa-formula berriaren helburua da “Lehen Arretako medikuek eta beste espezialista batzuek GMIa baino zehatzagoa den tresna bat izatea”. Hori dela eta, 6.000 pertsonatik gora aztertuta lortutako emaitzak oinarritzat harturik, ekuazio berri bat garatu du taldeak; “nahiko ekuazio konplexua da, baina, hura kalkulatzeko, excel orri bat prestatu dugu, interesa duen edozein profesionalen ordenagailura deskargatzeko modukoa”, azpimarratu du espezialistak.

CUN-BAE formula, zehatzagoa

Hona hemen gorputzeko gantzaren ehunekoa zenbatesteko erabil daitekeen web-esteka: http://care.diabetesjournals.org/content/suppl/2011/12/13/dc11-1334.DC1/DC111334SupplementaryData2.xls. Gorputz-masaren indizea kalkulatzeko erabiltzen diren bi datuez gain —pisua eta altuera—, beste bi behar dira: adina eta sexua. Formula berriak, CUN-BAE izenekoak, bakoitzaren gantz-konposizioa zenbatesten du, eta aurrez ezarritako tarteen arabera sailkatzen ditu pertsonak. Tarte horien arabera, gorputzeko gantz-konposizioa normala da % 20tik beherakoa bada, gizonezkotan, eta % 30etik beherakoa bada, emakumezkoetan; gehiegizko pisua adierazten du ekuazioak emaitza % 20 eta % 25 bitartekoa bada, gizonezkoetan, eta % 30 eta % 35 bitartekoa bada, emakumezkoetan; eta obesoak dira % 25etik gorako indizea duten gizonezkoak eta % 35etik gorako gorputzeko gantz-konposizioa duten emakumezkoak.

Informazio osagarria

  • Íkerketa-taldea, Clínica Universidad de Navarra
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelania, Clínica Universidad de Navarra
Jesús Zorrilla Ruiz

Egilea: Jesús Zorrilla Ruiz (Clínica Universidad de Navarra)

Laguntzailea: