#GaiNagusiak

Koloneko minbiziaren metastasia geldiaraz lezaketen molekula batzuk sortu dituzte

Noiz argitaratua: 13/02/18 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Osasuna
 Francisco Blanco eta Fernando Cossío

Euskal ikerketa-partzuergo batek koloneko minbiziaren eta haren gibeleranzko metastasiaren garapena geldiaraztea lortu du, arratoiekin egin den esperimentu batean. Aurrerapen horrek bide berri bat ireki dezake patologia horien etorkizuneko tratamendurako.Tumore-zelulak organismoko beste zelula batzuei atxikitzerakoan tartean sartzen diren beste molekula batzuk sortuz lortu da emaitza. Hala, molekulek eragozten dute, batetik, tumorea haztea, eta, bestetik, tumore-zelulak barreiatzea eta beste organo batzuetara hedatzea.

Ikerketa gaur argitaratu da Estatu Batuetako Journal of Medicinal Chemistry aldizkari ospetsuan, eta Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileen aurretiko lan batean dago oinarrituta. Arratoietan melanomaren metastasia (azaleko minbiziaren barietate larri bat) murrizten zuten molekula batzuk deskribatu zituen lan horrek. Horrez gain, aukera ematen zuen beste minbizi-mota batzuetan jarduten duten molekula berriak sortzeko, antzeko estrategia bati jarraikiz. Ondorengo ikerketa honetan lortu da hori, eta koloneko minbiziari eta haren gibeleranzko metastasiari aplikatu zaie.

Hauek osatzen dute euskal ikerketa-partzuergoa: CIC bioGUNEk, biozientzietako euskal ikerketa-zentroak; EHUk; Estrasburgoko (Frantzia) Genetika eta Biologia Molekular eta Zelularraren Institutuak (IGBMC); eta Ikerchem spin-off enpresak. Rocasolano Kimika eta Fisika Institutuko ikertzaileekin, CSICekoekin eta Novartis Ikerketa Biomedikoko Institutukoekin aritu dira lankidetzan.

“Proiektu honetan, melanoma murinoaren metastasian esku hartzen duen zelula-atxikipenaren inhibitzaileak diseinatu genituen lehendabizi, eta, gero, molekula horien sintesi kimikoa egin genuen, eta haien potentzia eta jarduera biologikoa egiaztatu genituen. Harrigarriena izan zen ezen, gure kalkuluen arabera, nahiko aldaketa txikiak eginez, beste minbizi-mota batean esku hartzen zuen zelula-atxikipena inhibitzeko gai ziren molekula berriak sor genitzakeela. Esperimentuek egiaztatu egin zuten hori; ondorioz, diseinu eta sintesi kimikoaren teknika horiek horrekin lotura duten beste xede terapeutiko batzuetara heda daitezke”; hala uste du EHUko katedradun, Ikerchem SLren sortzaileetako bat eta Ikerbasqueko Batzorde Exekutiboko presidente den Fernando Cossío doktoreak.

“Minbizia eta metastasia kontrolatzeko duen garrantziaz gain, lan honek agerian uzten du Euskal Herriko zentro akademikoetan eta enpresetan badirela ikertzaile-taldeak garrantzi biomedikoa duten diziplina anitzeko proiektuei ekiteko behar diren esperientzia eta lankidetza-gaitasuna dituztenak eta kimika sintetikoa eta konputazionala jarduera-mekanismoaren egitura-analisiarekin eta sortutako molekulen baliozkotze biologikoarekin uztartzeko gai direnak”, baieztatzen du CIC bioGUNEn Ikerbasqueko irakasle ikertzaile den Francisco Blanco doktoreak.

Minbiziaren eta metastasiaren inpaktua

Minbizia da giza hilkortasunaren bigarren arrazoia, eta hura agertzeko aukera handitu egiten da adinean aurrera egin ahala. Diagnostiko goiztiarrean eta hautemandako tumoreak kontrolatzean egin diren aurrerapenei esker, biziraupen-tasa igotzea lortu da, eta uste da oraindik ere gehiago hobetu daitekeela gaixotasunaren bi alderdi horietan.

Gaur egun, minbiziagatiko heriotzen % 90 gertatzen da jatorrizko tumorea gorputzeko beste toki batean agertu delako; prozesu horri metastasi deritzo. Prozesu horretan, jatorrizko tumorearen zelula minbizidun bat batetik bestera ibiltzen da gaixoaren gorputzean, eta beste organo batean pausatzen da; hor, berriz, beste tumore bat sortzen du.

Koloneko minbizia ez da hilkortasun-tasa handiena dutenetako bat, baina metastasia garatu ohi du gibelean, eta horrek hilkortasun handia eragiten du. Izan ere, organo horretan agertzen dira gehienetan gorputzeko beste atal batzuetako tumoreen metastasiak. Horren arrazoia da gibelak odolaren eta linfaren iragazki gisa funtzionatzen duela, eta, hortaz, fluido horietan ibiltzen diren zelula minbizidunak hor harrapatuta gera daitezkeela.

Zelula minbizidunak gorputzean migratzearen ondoriozko heriotza-arriskuak bultzatu ditu ikertzaileak metastasia geldiarazteko terapiak bilatzera.

Ikerketaren erreferentziak

Eider San Sebastián, Tahl Zimmerman, Aizpea Zubia, Yosu Vara, Elyette Martin, Finton Sirockin, Annick Dejaegere, Roland H. Stote, Xabier Lopez, David Pantoja-Uceda, María Valcárcel, Lorea Mendoza, Fernando Vidal-Vanaclocha, Fernando P. Cossío, and Francisco J. Blanco. (2013). Design, Synthesis, and Functional Evaluation of Leukocyte Function Associated Antigen-1 Antagonists in Early and Late Stages of Cancer Development. Journal of Medicinal Chemistry 56 (3), 735-747

Informazio osagarria

  • Francisco Blanco eta Fernando Cossío, GUK
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelania, GUK
Javier Urtasun

Egilea: Javier Urtasun (Guk)

Laguntzailea: