#GaiNagusiak

Hidrogenoa lortzeko teknologia berri bat

Noiz argitaratua: 13/02/13 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Fisika, Kimika eta Matematika #Ingurumena #Teknologia
 Aingeru Remiro Eguskiza, Ingeniaritza Kimikoan doktorea UPV/EHUn

Aingeru Remiro Eguskiza UPV/EHU Euskal Herriko Unibertsitateko ingeniari kimikoaren doktore-tesia biooliotik hidrogenoa lortzeko prozesu bat bilatzeko ahaleginean kokatzen da. Prozesu horrek ingurumen-inpaktu txikiagoa izango luke gaur egun hidrogenoa lortzeko erabiltzen diren bideek baino.

Petrolioa gero eta garestiago izateak eta haren erabilerak ingurumenean ondorio kaltegarriak ekartzeak beharrezko egiten du energia-eredua aldatzea eta datozen hamarkadetan aldaketa hori burutzea. Begi-bistakoa da alternatiba energetiko bat aurkitu beharra dagoela etorkizun hurbil batean erregai fosilak partez bederen eta gutxika ordezteko, eta aukeretako bat hidrogenoa izan daitekeela ikusten da.

Hidrogenoa lortzeko metodoek, gaur egun, hidrogenoa beste elementu kimiko batzuetatik bereiztea eskatzen dute; dela karbonotik (erregai fosiletan), dela oxigenotik (urean). Horretarako erabili diren metodoak ez dira bideragarriak hidrogenoaren ekoizpen masiborako: karbonoaren kasuan, ingurumenaren ikuspegitik, eta oxigenoaren kasuan, berriz, ikuspegi ekonomikotik.

Tesian planteatutako helburua da laborategi-eskalako prozesu bat garatzea biooliotik hidrogenoa ateratzeko, ur-lurrunezko erreformatze katalitikoaren bidez. Bioolioa produktu oxigenatuen nahastura heterogeneo bat da, jatorria zurean duena, eta haren eraldatze katalitikoak arazoak sortzen ditu askotan operatibitatearen aldetik eta katalizatzailea desaktibatzearen aldetik. Izan ere, berotzen denean, bioolioaren osagai diren konposatuen frakzio batek hondar solido bat eratzen du (lignina pirolitiko deritzona) erreaktorearen sarrerako hodietan eta erreaktorean berean metatzen dena. Ikertzaileek tesirako erabili duten bioolioa IK4-Ikerlanen instalazio batean lortu da.

Diseinu propioko erreakzio-ekipo bat

Bioolioa erabiltzeak sortzen dituen arazoak konpontzeko, diseinu propioko erreakzio-ekipo bat erabili da, bi etapakoa: termikoa eta katalitikoa. Etapa termikoan (bioolioa berotzen denekoan) lignina pirolitikoaren jalkitze kontrolatua egiten da, eta horrekin gutxitu egiten dira arazo operatiboak eta katalizatzailea desaktibatzearen arazoa. Hala, etapa termikoan lortzen diren konposatuak errazago eraldatzeko modukoak dira.

Horretaz gainera, hirugarren etapa bat ere gehitu zaio prozesuari, CO2-a harrapatzearena, hartara H2-aren ekoizpena handitzeko, hidrogeno puruagoa lortzeko eta isuri kutsagarri gutxiago gertatzeko. Erreakzio-ohantzean CO2-a harrapatzeko adsorbatzaile bat erabiltzean datza prozesua. “Erreakzio-ohantzetik CO2-a ezabatzean, erraztu egiten dugu erreakzio-oreken desplazamendua, eta, horren ondorioz, errendimendu handiagoa eta hidrogeno-ekoizpen handiagoa lortzen da”, dio Remirok.

Ikertzaileak nabarmentzen du erreakzio-ohantzean CO2-a harrapatzeak hobekuntza dakarrela, purutasun handiko hidrogenoa lortzen delako (ia % 100eko purutasuna), CO2-a harrapatu gabeko eragiketarena baino tenperatura baxuagoan.

 

Informazio osagarria

  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gazteleraz, UPV/EHU
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, euskeraz, UPV/EHU
  • Aingeru Remiro Eguskiza, Ingeniaritza Kimikoan doktorea UPV/EHUn, UPV/EHU
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: